GAZTEEN PREKARIETATEA
PROIEKTUA
Gazteen prekarietatea Euskadin gero eta egiturazko errealitate zabalagoa da. Lan-merkatura sartzeko zailtasunak, aldi baterako kontratuak, soldata baxuak, etxebizitzarako sarbide mugatua eta ziurgabetasun ekonomikoa gazte askoren eguneroko baldintzak dira. Prekarietatea ez da soilik lan-egoera bat: bizi-ibilbide osoak baldintzatzen dituen egoera soziala da, etorkizuna planifikatzeko aukerak murrizten dituena.
Proiektu honek gazteen prekarietatea ikuspegi integraletik aztertzea du helburu, Euskadi mailan. Datuen arabera, gazteen artean aldi baterako enplegua eta lan-ziurgabetasuna askoz ere handiagoak dira beste adin-taldeekin alderatuta, eta emantzipazio adina etengabe atzeratzen ari da. Horrek ondorio zuzenak ditu ongizatean, osasun mentalean eta gizarte-parte-hartzean.
Ekimen honen bidez, prekarietatearen arrazoiak, ondorioak eta bizipen zehatzak bistaratzea bilatzen dugu, eztabaida soziala pizteko eta politika publiko eraginkorragoak sustatzeko.
EGUNGO EGOERA
TESTIGANTZAK
GAZTE IZATEA
“Amorru itzela.”
“Nazka.”
“Ezinegona.”
“Etorkizun gabezia etortzen zait burura. Ez gara gai ez nahi dugun tokian bizitzeko ezta nahi dugun moduan.”
“Gazte izatea da, eraikita dagoen gizarte baten ea nola enkajatu dezakegun ikustea.”
“Egun, desinformazio asko dago eta askotan gure kontra doa.”
ETXEBIZITZA
“Pribilegiatu gisa sentitzen naiz… badaukadalako non lo egin. Baina ez zait gustatzen egoera.”
“Teorikoki hurrengo pausua emateko ordua da, baina ezin da.”
“Bizitzeko tokia aurkitzea (alokairua edo etxea erostea) arazo handiena da.”
“Gaur egun beti behar da norbaiten laguntza, izan gurasoak, izan bikotea edo izan lagunak pisu bat partekatzeko. Bakarrik ezinezkoa da.”
LANA, PRAKTIKAK ETA EGOERA EKONOMIKOA
“Bai nabaritzen dut produktibitatea eta enpresen irabaziak asko hasi direla, batez ere teknologiarekin, baina soldatak gero ez direla igotzen”
“Soldata altu bat behar da gaur egungo ekonomia kontuan hartuta, ta askotan hori ez dago”
“Ikasitakoaz lan egiteko distantzia luzeak egin behar dira egunero joan-etorrietan. Horrek diru-galera eta istripu-arriskuak dakar.”
“Praktiketako langileak lan “normala” egiten dute, inkluso gehiago batzuetan, soldata askoz baxuago batekin… aprobetxatzen dira egoera horretaz.”
“Lan elkarrizketak lortzeko esperientzia eskatzen jarraitzen da eta bi urtez lanean egon arren ez da nahikoa oraindik.”
“Lanaren arabera prekarietate maila desberdinak daude.”
BALIABIDEEN MAPA
Prekarietateaz nekatuta?
Bidali zure testigantza eta beharrak eta lagundu arazo hau ikusgai egiten!